Centre Ressource Bipolaire Sud Aquitain (CReBSA)

Caradoc Jauregiko klinikaren barnean, Centre Ressource Bipolaire Sud Aquitain (CReBSA) egitura kolaboraziozko zentroa da, fondation FondaMental labela duena. Centre Expert Bipolaire de Bordeaux erakundearekin partaidetzan sortu da, nahasmendu bipolarrak pairatzen dituzten pertsonek artamendu berezien eskaintza hobea ukan dezaten.

Zentroak ebaluazio, artamendu eta informazio eginkizunak ditu. Ikerketa zientifikorako programa batzuetan parte hartzeko helburua ere du.

Zentroak ebaluazio, artamendu eta informazio eginkizunak ditu. Ikerketa zientifikorako programa batzuetan parte hartzeko helburua ere du. Diziplina anitzeko talde batek du harrera segurtatzen: mediku psikiatrak, neuropsikologoa, psikologoa, erizaina.


Eginkizunak

Diziplina anitzeko ebaluazioa

Pazientea mediku-kontsultan errezibitua da, lehen diagnostiko edota iritzi terapeutiko baten egiteko.

Diagnostikoaren zehazteko eta alor klinikoan eta funtzionalean datu osoak biltzeko, ebaluazioak segitzen ahal du, diziplina anitzeko bilan baten bitartez, egunazko ospitaleratzean, egun erdi batez edo batzuez.

Ebaluazioen bukaeran, bilduma egiteko hitzordu bat proposatzen zaio pazienteari, nahi badu bere hurbileko jendearekin. Ebaluazioaren alderdi bakoitza mediku psikiatrarekin, neuropsikologoarekin eta psikologoarekin aipatua da. Urraspide horren bukaeran, artamendu plangintza pertsonalizatu bat proposatzen zaie pazienteari, bere usaiako medikuari eta bere psikiatrari, bilduma zehatz baten bitartez.


Artamendu berezituen eskaintza

Ireki zenetik, CReBSA zentroak nahasmendu bipolarrei buruzko heziketa talde bat proposatzen die pazienteei eta beren hurbilekoei. Interbentzio horri esker, pazienteak beren eritasunaren artamenduen eragile bilakatzen laguntzen dira, bereziki nork bere eritasuna eta sintomak ezagutzen ikasiz. Ikaste horrek eritasunaren kudeaketa hobea ekartzen du eta lehen gomendio terapeutikoetarik da, medikamentu bidezko tratamendu baten osagarri.

Erremediatze funtzionala lantzeko talde bat ere proposatzen zaie nahasmendu kognitibo iraunkorrak pairatzen dituzten pazienteei (oroimen, kontzentratze, antolatze, planifikatze arazoak, etab.). Alde batetik, nahasmendu bipolarrek funtzio kognitiboetan ukan dezaketen ondorioen ezagutzeko helburua du eta, beste alde batetik, pazienteek beren egunerokotasunean dituzten zailtasunei buru egiteko estrategiak plantan ezartzen laguntzeko helburua ere.

Elkarrizketa indibidualetan burutu harrera psikoterapeutikoa proposatzen ahal ere da. Orduan, terapia emozionaletatik, terapia kognitiboetatik eta jokabide-terapietatik atera metodoak erabiltzen dira, adibidez onartze eta engaiatze terapia, kontzientzia osoa, jokabide-aktibazioa. Teknika horien helburua pazientea oinazeari eta eritasunari buru egiten laguntzea da, bai eta pertsonarentzat garrantzitsua denaren norabidean doan aldaketa bat hastea ere.


Informazioa eta ikerketa

CReBSA zentroaren eginkizuna nahasmendu bipolarrari buruzko informazioa zabaltzea ere da, bai publiko zabalari, bai osasun alorreko profesionalei. Osasun mentalaren saileko sarean inplikatua da, Akitanian eta zientzialarien kidegoan:

- Erabiltzaileen elkarte batzuekin lankidetzan ari izanez:
bipolaires64.blog4ever.com
www.unafam.org

- Publiko zabalari zuzendu komunikazio batzuen karietara:
www.francetvpro.fr
www.allodocteurs.fr

- Osasun alorreko profesionalei zuzendu bilkuretan erregularki parte hartuz, bereziki nahasmendu bipolarrari buruzko informazio bilkuretan,

- Ikerketa programetan eta osasun mentalari buruzko kolokio eta lan egunetan parte hartuz.


FondaMental aditu zentroak eta elkarlaneko baliabide zentroak, artamendu eta ikerketa baliabide.

FondaMental aditu zentroak eta elkarlaneko baliabide zentroak patologia psikiatriko berezi baten ebaluazioan, diagnostikoan eta errezibitzeko laguntzan berezituak dira. Diziplina anitzeko talde batzuen inguruan eraikirik, denek ebaluazio neurgailu berak erabiltzen dituzte. Pazienteen harrera pertsonalizatu baten errazteko xedea dute eta ikerketaren garapena ahalbidetzen dute.

Hona FondaMental aditu zentroek eta elkarlaneko baliabide zentroek zer proposatzen duten:

  • Kontsulta berezituak, iritzi terapeutiko edo diagnostiko baten ukaiteko, mediku batek igorri pazienteentzat
  • Egunazko ospitalean egin bilan oso eta sistematizatu bat eskuratzea
  • Usaiako praktikan guti erabiliak diren artamendu berritzaileak
  • Osasun mentalari buruzko ikerketa klinikoa garatzea

HELBIDEA ETA KONTAKTUAK

  • Linea zuzena: 05 33 78 09 90
  • Helbide elektronikoa: accueil.crbipolaire@caradoc.fr