CARADOC ERREHABILITAZIO SAILA

Errehabilitazio psikosoziala :

Errehabilitazio psikosoziala defini daiteke nahasmendu psikikoak pairatzen dituzten pertsonekin plantan eman ekintza multzoaren gisa, eritasunaren sintomak murrizteko xedez, bai eta ere :

  • funtzionamendu sozial hobea eta bizi-kalitate satisfagarria lortzeko xedez, pertsonak zehazten duen moduan,
  • familiaren eta hurbileko jendearen laguntzeko xedez,
  • nahasmendu psikikoak dituzten pertsonek pairatzen dituzten diskriminazioen kontra borrokatzeko xedez.

Helburua da pertsona bere suspertzeko prozesuan laguntzea.


Norentzat ?

Gure zerbitzuak arta bereziagoak eskaintzen dizkie ondoko eritasunak pairatzen dituzten pertsonei :

  • nahasmendu bipolarrak,
  • nahasmendu psikotikoak

Eria zentroan onartzea :

Eria zentroan onartzeko momentuan, profesional ezberdinek ebaluazio bat eginen dute, ondoko galderei erantzuteko gisan :

  • Zein da oraingo osasun-egoera ?
  • Zein da gaur egungo pertsonaren funtzionamenduaren maila, alor sozialean, profesionalean ?
  • Zein dira haren nahiak, haren helburuak ?

Proposatutako artak :

Printzipioa da pertsona bakoitzari arta egokiak eskaini ahal izatea, Eguneko Ospitalean programa terapeutiko pertsonalizatu bat ezarriz.

Ondoko hauek dira ardatz nagusiak :

  • heziketa terapeutikoa (pazienteak, hurbileko pertsonak),
  • erremediatze kognitiboa eta funtzionala, zailtasun kognitiboen inguruan lan egiteko (memoria, arreta, antolatzea/planifikatzea),
  • trebetasun sozialei buruzko lana,
  • terapia emozionalak, kognitiboak eta portaerari buruzkoak, maila indibidualean edo talde mailan esku hartuz.

Gaur egun proposatzen diren eta etorkizunean izanen diren atelierrak honako hauek dira :

Nahasmendu Bipolarren Sendatzeko Hego Akitaniako Baliabide Zentroak nahasmendu bipolarrei buruzko heziketa talde bat proposatzen die pazienteei eta beren hurbilekoei. Esku-hartze horri esker, pazientea bere eritasunaz arduratzeko eragile bilakatzen laguntzen da, bereziki nork bere eritasuna eta sintomak ezagutzen ikasiz.

Ikaste horrek eritasunaren kudeaketa hobea ekartzen du eta lehen gomendio terapeutikoetarik da, medikamentu bidezko tratamenduaren osagarri.

Laguntza hau paziente egonkortuei zuzendua zaie.

FondaMental Campus programa, 2 oreneko 12 saioz osatua, psikiatra batek, psikologo batek eta erizain batek animatzen dute, hirukotean lan eginez.

Erabiltzaileen eskaeren arabera, ez da beti posible edo ez du beti balio beherago zehaztu talde egituratuak proposatzea, erran nahi baita: Psikohezkuntza, Michael 's Game, Trebetasun Sozialak Lantzea.

Jarduera horiek eskaintzen segitu ahal izateko, talde ireki eta engaiamendurik gabeko hau sortu zen. Talde malguagoa da, momentu zehatz bateko erabiltzaileen eskaerei erantzuten diena. Suspertzearen filosofian sartzen da eta ahalduntzea du helburu. Beraz, hiru multzoetan aipatu osagaiak taldean proposatzen ahal dira, egokia bada.

Taldeak hitz egiteko talde baten forma har dezake, non trukeen gaia parte-hartzaileek proposatzen duten, eta gero bozkatzen diren.

Gainera, taldearen zereginetarik bat erabiltzaileek ateraldiak aukeratzea, planifikatzea eta martxan jartzea da. "Plazererako" ateraldiak izan daitezke, edo zailtasunei aurre egiten ikasteko ateraldi terapeutikoak (adibidez: garraio publikoak hartzeko, karrikan informazioa eskatzeko, erosketak egiteko gisan antolatzeko, antsia sozialari buru egiteko).

Psikohezkuntza programa da, oren bateko 12 saio tematikotan antolatua, asteroko maiztasunarekin.

Ondoko gaiak lantzen dira :

  • eritasunaren sintomak (positiboak, negatiboak, antolaketarik eza, nahasmendu kognitiboak),,
  • eritasunaren diagnostikoa,
  • zaurgarritasunaren kontzeptua,
  • berriz eritzea ekartzen duten faktoreak eta prebentzio baliabideak,
  • tratamenduaren ardatzak,
  • suspertzea.

Diaporama bat eta liburuxka bat erabiltzen dira euskarri gisa; saio bakoitza lehenik esperientzien banatzea sustatzeko egituratua da. Pazientea alor psikosozialean berriz gaitzeko proposatu teknika batzuk ezagutarazten dira.

Eskizofrenian, psikohezkuntza esku-hartze eraginkorra da: arta eta sendabidea onartzen laguntzen du, berriz eritzeko arriskua eta ospitaleratze-kopurua murrizten ditu. Ikerketek erakusten dute funtzionamendu globala eta soziala, bizi-kalitatea hobetu direla esku-hartze hori ukan dutenentzat (Xia eta kol., 2011).

Michael's Game joko kolaboratiboa da, Yasser Khazaal-ek eta Jérôme Favrod-ek deliriozko ideien sendabide psikologikoa errazteko garatu zuten arrazoiketa hipotetikoan oinarritua. Ikerketa ausazkotu eta kontrolatu batean probatu zen, eta agertu zen joko horri esker deliriozko ideiek pazienteak gutiago konbentzitzen eta kezkatzen dituztela (Khazaal eta kol. 2015). Kartetan oinarritu euskarria erabiltzen da, non egoerak proposatuak baitira, zailtasuna mailaka handituz. Karta bakoitzaren kasuan, parte hartzen duten guzien proposamenak elkartuz eta arbelean egituratuz lan egiten da, tekniken memorizazioa errazteko gisan.

Joko honen abiatzeko hipotesia izan da, entrenamendu honi esker, ondorioetara egin jauzi lasterregiak ("jumping to conclusions") murritz daitezkeela edo, gutxienez, haien ondorioak murriztu, bizitzen diren fenomenoen azalpenak beste posibilitate batzuetara irekiz. Hurbilketa hori entrenatzeak oraino garrantzitsuagoa iduri du, paziente gehienek ez baitute beren bizien azalpen alternatibo berezkorik (Freeman eta kol. 2004) eta hurbilketa horiek berenganatzeko aukera baitute (Morrison eta kol. 2004) eta sintoma psikotikoen aldetik, edo/eta sintoma horien bizitzeko edo horiei buru egiteko moduen aldetik, onurak sentitzeko aukera ere. (iturria : www.seretablir.net)

Compétence jokoa, Jérôme Favrod-ek eta lankideek garatua, nahasmendu psikotikoa duten pazienteen trebetasun sozialak hobetzeko gizarte jokoa da. Gutienez lau jokalari behar ditu, langile bat barne.

Trebetasun sozialak gure emozioak eta beharrak molde eraginkorrean komunikatzeko eta pertsona arteko gure helburuak lortzeko bidea ematen diguten gaitasun kognitibo eta portaerazkoen multzoa da

Trebetasun sozialen entrenamendua esku-hartzeko molde egituratua da, pertsona arteko trebetasunak irakasteko eta gaitasun horiek atxikitzen eta orokortzen laguntzeko. Usaian erabiltzen diren tekniketan badira: helburuak ezartzea, rol jokoa, ereduak aurkeztea, aholkuak, ahozko eta bideo bidezko feed-back bat, arazoak konpontzeko metodo bat, saioen artean egin beharreko zereginak gomendatzea

Ikerketa anitzen emaitzen arabera, nahasmendu psikiatriko larriak dituzten pertsonek trebetasun berriak ikasi eta, horrela, komunitatean beren funtzionamendua hobetu dezakete (Kurtz eta kol., 2008; Pfammater eta kol., 2006). Trebetasun sozialak lantzeak funtzionamendu soziala eta harreman sozialen kalitatea hobetzen ditu.

(Hemendik egokitu testua : https://www.seretablir.net/outils-interventions/competence/)

Nahasmendu bipolarretarako portaera-terapia kognitiboak eta pertsona arteko terapia eta erritmo sozialen antolatzeak pazienteari bere umorea hobetzen laguntzea eta berriz eritzea saihestea du helburu, erritmo biologiko eta sozialak ulertuz eta hobetuz. Pertsona arteko terapia eta erritmo sozialen antolatzeko terapiaren osagaiak erabiltzen ditu, baita insomnioaren portaera-terapia kognitiboaren eta portaera-aktibazioaren terapiaren osagaiak ere

Lehen fase psikohezitzailea eginen da erritmo biologikoei buruz eta nahasmen bipolarrean berriz eritzeari buruz. Aipatu beste osagai bat eri estatutua eta horrek zer erran nahi duen izanen da. Taldearen helburu nagusia erritmoen eta umorearen mekanismoen ulertzea eta esperimentatzea izanen da, bai loaren aldetik, bai eguneko jardueren aldetik. Beraz, erritmoen auto-behaketa eginen da eta, horren bidez, proposatu tresna edo printzipioak aplikatuko dira (jardueren programazioa eta portaera-aktibazioa, loaren murriztea, loaren higienea, argiaren bidezko terapia, medikamentuak behar bezala hartzea, arazoen konpontzea eta rol sozialak aldatzea).

Konkretuki, bi oren irauten duten hamar bat saioko programa da, psikologo batek eta zerbitzuko beste profesional batek animatua.

Programa honako hau da:

  • Nahasmendu bipolarra eta berriz eritzearen eredu pertsonalizatua
  • Erritmo zirkadianoak eta sozialak
  • Loaren higienea eta oinarrizko printzipioak
  • Loaren patologiak eta aterabideak
  • Umorea, jarduerak eta harreman sozialak
  • Baloreak
  • Nor bere baloreetara bideratzea, portaera-aktibazioa, jardueren plangintza
  • Portaera-aktibazioa
  • Oroitarazteko eta segitzeko saioa

Edward Watkins-en talde-protokoloan oinarritua (2016), terapia kognitibo eta portaeraren talde honek, hausnarketetan zentratua, hausnarketa patologikoak gutitzea du helburu. Gehiegizko hausnarketek badute eginkizuna depresioaren garapenean eta iraupenean, baina baita antsietatean ere, zeinean kezka hitza maizago erabiltzen baitugu. Talde honen lehentasunezko helburua depresio-egoeretako hausnarketak dira.

1h30-2h irauten duten 10 saiotan, psikologo batek eta mediku psikiatra batek animaturik, parte hartzaileek ikasiko dute:

  • beren gogoeta patologikoak ezagutzen eta identifikatzen,
  • hausnarketatik ateratzen,
  • pentsamolde/gogoeta molde baliagarriago bat aurkitzen eta lantzen,
  • egunerokoan eraginkorrago izaten eta portaera-eragozpenak ttipitzen,
  • nork bere buruarekiko errukizko jarrera lantzen,
  • berriz eritzea ekiditen.

Talde horretan parte hartzeak erran nahi du etxeko lanak egitea onartzea, hala nola irakurtzea, auto-behatzea, portaerak aldatzea.

Erremediatze kognitibo eta funtzionala lantzeko atelierrak proposatzen zaizkie beren patologian egonkortuak diren baina arazo kognitibo iraunkorrak pairatzen dituzten pazienteei (oroitzeko, kontzentratzeko, antolatzeko, planifikatzeko zailtasunak, etab.). Alde batetik, patologia batek funtzio kognitiboetan ukan ditzakeen ondorioak ezagutzeko eta, beste alde batetik, pazienteek beren egunerokotasunean dituzten zailtasunei buru egiteko estrategiak plantan ezartzen laguntzeko helburua du.

Programa espezifiko bakoitza, 2 oreneko 12 saio inguruz osatua, ondoko pertsonei zuzendua zaie:

  • nahasmendu bipolarrak pairatzen dituztenei,
  • nahasmendu psikotikoak pairatzen dituztenei (eskizofrenia, nahasmendu eskizo-afektiboak, etab.),
  • arreta-defizitaren nahasmendua pairatzen dutenei (hiperaktibitatearekin edo gabe).

Jarduera fisikoa sendabide terapeutikoen laguntzailea da. Ikerketa anitzek erakutsi ahal izan dute eragin ona duela sendabideetan eta eria berriz eri dadin ekiditeko. Kirola dinamogenoa da. Gure pazienteei tresna terapeutiko gehigarria eskaintzea ahalbidetzen du, eta batzuetan gomendatu medikamentuen posologiak gutitzea ere. Gainera, jarduera fisikoak eritasun kardiobaskularrak ekiditeko funtzioa du. Hain zuzen, eritasun horiek dira hilkortasunaren arrazoi nagusienetarik bat, umorearen nahasmenduak dituzten erien artean. Horregatik, Jarduera Fisiko Egokituko irakasle batek eta jarduera fisikoetara iristeko posibilitatea ematen duen erizain batek kudeatu lantalde bat proposatzen dugu.

Sendabidea modurik hoberena da berriz eritzeko arriskua murrizteko. Baina pisu-hartzea ekar dezake. Pisu-hartze hori azaldu daiteke medikamentuak apetitua erregulatzeko nerbio-gunean duen eraginagatik. Hein batean, patologiak eguneroko bizimoduan duen eraginarengatik ere uler daiteke, horrek ariketa fisikoa murriztea, berdin gelditzea ere ekartzen ahal baitu, bai eta elikadura alorreko desoreka ere. Horrela, unitatean, atelier bat proposatzen dugu, sendabidean laguntzeko, prebenitzeko neurriak har ditzazuen.

Terapia kognitibo eta portaera-terapia lantzen dituen talde hau, norberaren baieztapen teknikak lantzeko, F. Fanget-ek finkatu programan oinarritzen da. Saioak teknikei buruzko azalpenak emateko eta taldekako rol-jokoen bidez laster aplikatzeko moduan egituratuak dira. Umorearen nahasmenduak (behin eta berriz errepikatzen den depresioa, nahasmendu bipolarrak), antsia-arazoak edo adikzioa dituzten pazienteak sar daitezke bertan.

12 saio badira eta, horietan, eskatzea, errefusatzea, kritika edo konplimendu bat egitea/errezibitzea, elkarrizketa bat hastea eta bukatzea bezalako egoerak aztertzen dira. Psikologo batek eta mediku batek animatzen dute. Saioen artean, ariketak proposatzen dira teknikak egunerokotasunean plantan ematen trebatzeko.

Fobia soziala edo antsia soziala definitzen da egoera sozial batzuen beldur gisa, zeinetan pertsonak besteek negatiboki jujatuko duten beldur baita. Saihespenezko portaera anitz ekartzen ditu.

Terapia kognitibo eta portaera-terapia lantzen dituen talde bat proposatzen dugu, fobia soziala duten pertsonei zuzendua, McEvoy, Saulsman eta Rapee-ren programatik egokiturik. Bi oreneko 12 saio badira, astero bat, mediku batek eta psikologo batek animaturik eta, horietan, parte-hartzaileek beren problematika hobeki ulertzeko lan eginen dute, larriagotzen duten mekanismoak identifikatuko dituzte eta horri aurre egiteko tresnak plantan ematen trebatuko dira.

Bi oreneko 8 saio badira, astero bat; talde programa bat da, psikologo batek animaturik. Behin eta berriz errepikatzen diren nahasmendu depresiboak edo nahasmendu bipolarrak dituzten pazienteei zuzendua zaie, pazienteak egonkortu ondotik depresioan berriz sar daitezen ekiditeko helburuarekin. Ariketak proposatzen dira, bai bilkuran, bai etxean egitekoak. Praktika erregularra beharrezkoa da. Oroitarazteko eta sakontzeko saioak eskaintzen dira, urrunetik.


Kasu: atelierrak oharpen terapeutikoaren arabera egiten dira eta denboran zehar alda daitezke.


HARREMANETARAKO

Onartua izateko eskaera ororentzat – milesker zure mediku psikiatraren edo usaiako medikuaren gutuna helarazteagatik